22Sept2024DiaEuropeoSinCoches - alavabus
'Autorik gabeko Europako Eguna': doako foru-garraioa - irailaren 22a
Foru garraioa doakoa izango da irailaren 22an, Autorik gabeko Europako Eguna ospatzeko
Autorik Gabeko Europako Eguna ospatzeko, igandean, irailak 22, doakoak izango dira bidaiari guztientzat hiriarteko autobus lineetako eta Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak diruz lagundutako eskualdeko garraio zerbitzuaren lineetako txartelak
Erabaki horrek mesede egingo die honako linea hauen erabiltzaileei: Alavabus-en 1-16 lineak, Araba Erdialdeko, Arabako Errioxako eta Aiarako kontzesioetan bilduak; 18. eta 19. lineak, Gasteiz Miranda de Ebrorekin eta Durangorekin lotzen dutenak; eta lurralde historikoko landa herrigune txikiei zerbitzua ematen dieten eskualdeko garraioaren linea guztiak.
araba.eus/alavabus. web orrian daude kontsultagai emakida horien lineetako ibilbideak, geralekuak eta orduak.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko diputatuak azaldu duenez, ekimen horren helburua da "foru garraio publikoaren erabilera sustatzea norberaren autoaren alternatiba gisa, Europan mugikortasunaren alde ezarritako politiken ildotik, bai eta arabarrei zerbitzu hori eta hura osatzen duten lineak ezagutaraztea, eta garraio hori ohikotasunez erabiltzen dutenei aintzatespena egitea ere".
"Merezitako aitorpena da, izan ere, % 14tik gorakoa izan da 2024ko urtarriletik abuztura bitartean Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren lineetan erabiltzaile kopuruak izan duen gorakada. Gero eta arabar gehiagok uzten dute autoa etxean, eta foru garraio publikoan joaten dira beren lantokira edo ikastetxera", azaldu du.
1,4 milioi pertsonak baino gehiagok erabili ditu Alavabus lineak aurtengo lehenengo zortzi hilabeteetan; horrek esan nahi du % 14,8ko hazkundea izan dela 2023ko ekitaldi berberarekin alderatuta (bidaiarien errekorra); eskualdeko garraio lineen kasuan, berriz, datuak are hobeak dira, % 33ko hazkundearekin. Eskariaren igoera hori bat dator abian jartzearekin BAT pertsonalizatuan oinarritutako deskontu progresiboko sistema berria.
Irailaren 22an, igandea, foru garraioa erabiltzen duten bidaiariek Autorik gabeko Europako Egunaren oroitzapenezko txartel bat jasoko dute.
Garraio publikoa, mugikortasun segurua eta jasangarria
Bestalde, eta Mugikortasunaren Europako Asteari lotutako foru ekimenen barruan, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak irailaren 21ean, larunbata, Probintzia plazan bizikletaren erabilera sustatzeko Gasteizko Udalak antolatutako jolas ekitaldian parte hartuko du. Bertan, bizikletak osasunerako eta ingurumenerako dituen onurei buruzko informazio panelak, txirrindularientzako eta gidarientzako zirkulazio arauak eta Bizikleta Bideen Plana bilduko dira.
Informazio hori, gainera, liburuxken bidez banatuko zaie parte hartzaileei, besoko islatzaile batekin batera.
Europako Batzordearen Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusiak bultzatu egiten du urtero egin dadila irailaren 16a eta 22a bitartean Mugikortasunaren Europako Astea, autoa erabili ordez garraio publikoa edo bizikleta erabiltzeaz edo joan-etorriak oinez egiteaz sentsibilizatzeko, eta tokiko erakundeak gonbidatzen ditu garraiobide horiek sustatzera.
Europako Batzordeak 2024. urteko kanpainarako aukeratu duen gaia “Espazio publiko partekatua” da, eta ekimenaren leloa, berriz, betikoa: "Konbinatu eta mugitu! ".
Halaber, Europar Batasunaren ekimen horren barruan, irailaren 22a Autorik gabeko Europako Eguna izaten da urtero.