DescuentosProgresivosAlavabusTC2024 - alavabus
Deskontu progresiboak Alavabus eta Eskualdeko Garraioan
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak deskontu progresiboko sistema berri bat jarriko du abian 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera. Sistema horrek % 56erainoko hobaria ezarriko du Alavabuseko eta Eskualdeko Garraioko lineen txartel arruntaren prezioan. Foru garraioaren erabiltzaileek, sistema horretaz baliatu nahi badute, BAT txartel pertsonalizatua eduki beharko dute.
BAT txartela pertsonalizatu nahi duten arabarrek orain arte bezala egin dezakete tranbiaren informazio bulegoan, Antso Jakitunaren kaleko 9 zenbakian. Gainera, 2023ko abenduaren 26tik 2024ko otsailaren 29ra bitartean Gasteizko autobus geltokian jarriko den aldi baterako bulego bati esker errazago egin ahal izango da izapide hori, eta aurrerago pertsonalizatzeko puntu ibiltari bat egongo da Arabako herri nagusietan ere.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak eta Patricia Pérez Mugikortasun Jasangarriaren zuzendariak gaur prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Alavabus linea guztietan (salbu ibilbide luzeko Bilbo-Iruñea eta Bilbo-Logroño lineetan) eta Eskualdeko Garraioaren lineetan urtarrilaren 1etik aurrera abian jarriko den deskontu progresiboko sistema berriaren xehetasunak.
"Bi tarifa politika bateratu nahi ditugu: batetik, egoera koiuntural bati erantzuteko erabiltzaile guztientzako deskontu linealean oinarritutako tarifa politika, hilean bidaia bat edo berrogei egiten dituzten alde batera utzita, eta, bestetik, denboran egonkorra, iraunkorra eta erakargarria den tarifa politika, ohiko joan-etorrietarako foru garraioa erabiltzen dutenak sarituko dituena. Hobari handiagoa eman nahi diegu lantokira edo ikastetxera joateko Alavabus eta Eskualdeko Garraioa erabiltzen dutenei", azaldu du Nogalesek.
Adierazi duenez, eredu berriak deskontu handiagoa eskainiko die Alavabus eta Eskualdeko Garraioa gehien erabiltzen dutenei, tartekako eskema baten bidez, helburua baita "batez ere ohiko erabiltzaileak saritzea, ohikoak ez diren erabiltzaileak etorkizunean ohikoak izan daitezen bultzatzea eta foru garraio publikora bidaiari gehiago erakartzea, eta, horretarako, % 50eko deskontu koiunturalaren ondorioz hura erabiltzen hasi zirenak fidelizatzea".
Horiek horrela, BAT txartel pertsonalizatua dutenek honako deskontu hauek izango dituzte 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera:
-
Hilean 1-20 bidaia > % 40ko deskontua.
-
Hilean 21-50 bidaia > % 48eko deskontua.
-
Hilean 51 bidaia edo gehiago > % 56eko deskontua.
Euskal erakundeek kudeatzen dituzten garraiobide publikoetarako Alderdi Sozialistak eta EAJk adostutako % 20ko aparteko deskontua 2024ko abenduaren 31ra arte aplikatzea jasotzen da bide tarteen eskema horretan.
Funtzionatzeko modua
Sistemaren funtzionamendua oso erraza da. Erabiltzaileek normaltasunez erabiliko dute beren BAT txartel pertsonalizatua bidaiak % 20ko deskontuarekin ordaintzeko, eta uneko hilabetea amaitutakoan, ibilbide guztiak zenbatuko dira eta dagokion deskontu ehunekoa esleituko zaio. Deskontuaren zenbatekoa, eurotan, automatikoki ordainduko da BAT txartel pertsonalizatu beraren saldoan, foru garraioko ibilgailuetan txartela berriro baliozkotzean, hurrengo hilabetean.
BAT txartel pertsonalizatu bat edukitzea ezinbestekoa da deskontu horiek jasotzeko; izan ere, BAT anonimo ez-pertsonalizatua duenak % 20ko deskontua baino ez du izango. BAT txartela pertsonalizatzea erraza da, eta nahikoa da BAT txartel anonimoarekin eta NANarekin joatea tranbiaren informazio bulegora (Antso Jakitunaren kalea, 9; ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:30era).
Gainera, eta arabarrek izapide hori errazago egin dezaten, Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak kanpaina berezi bat abiaraziko du BAT txartela pertsonalizatzeko. "Lehenengo fasean, 2023ko abenduaren 26tik 2024ko otsailaren 29ra bitartean, bulego bat irekiko dugu autobus geltokian, foru garraioaren erabiltzaileek BAT txartela pertsonalizatu ahal izan dezaten".
"Bulego honek aldi baterako izaera du eta irekita egongo da astelehenetik ostiralera, 12:30etik 17:30era. Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren erabiltzaile gehienak autobus geltokitik igaroko dira uneren batean, eta horregatik uste dugu aldi baterako bulego hori baliagarria izango dela haietako askorentzat", adierazi du Patricia Pérez zuzendariak.
Era berean, kanpaina honen barruan, informazio triptikoak banatuko dira, bai Alavabusen ibilgailuetan eta Eskualdeko Garraio zerbitzuan, bai Gasteizko autobus geltokian bertan. "Hurrengo asteetan zehar, informazio kanpaina bizia egingo dugu komunikabideetan, sare sozialetan eta Alavabusen autobusetako telebista pantailetan".
Ondoren, Arabako Foru Aldundiak BAT txartela pertsonalizatzeko kanpaina berezi horren bigarren fasea egingo du: pertsonalizatzeko puntu ibiltari bat egongo da Arabako herri nagusietan (aurrerago azalduko dira egutegia, herriak, datak eta ordutegiak).
BAT txartela pertsonalizatzea erabat doakoa da BAT txartel anonimoa izanez gero; bestela, BAT txartelik izan ezean, 5 euroren truke eskura daiteke, 2 euroko saldoa barne. Benetako kostua, beraz, 3 euro da.
Erabiltzaileek deskontu progresiboko sistema berriari buruzko zalantzak argitu ditzakete eta informazioa eska dezakete Foru Garraioaren Erabiltzaileentzako Arreta Integraleko Zerbitzuan (945 18 20 60) eta alavabus.eus web atarian.