Foru Aldundiak Alavabuseko ekintza bandalikoen aurka sentsibilizatzeko kanpaina bat abiarazi du - alavabus
Foru Aldundiak Alavabuseko ekintza bandalikoen aurka sentsibilizatzeko kanpaina bat abiarazi du

Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak komunikazio kanpaina bat jarriko du abian datozen asteetan, Alavabusen erabiltzaileak foru lineetako ibilgailuen ekipamenduaren aurkako ekintza bandalikoen aurka sentsibilizatzeko. Kanpainaren elementu nagusia iragarki bat da, "Errespetatu zurea den hori. Zaindu dezagun geurea" izenburuduna, eta autobusetako eta sare sozialetako pantailetan ikusi ahal izango da.
Alavabusen ibilgailuetan, azken hilabeteetan, erabiltzaileen ekintza bandaliko ugari izaten ari dira, eta kalte materialak eragiten dituzte ibilgailuen beiretan, bai eta oinarrizko ekipamenduan ere, hala nola eserlekuetan, segurtasun uhaletan, paneletan eta abarretan. Ekintza bandaliko horiek direla-eta, ibilgailuak zerbitzutik kanpo utzi behar izan dituzte, konpondu eta prest jartzeko.
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak arazo horren inguruan sentsibilizatu nahi ditu erabiltzaileak, spot batean oinarritutako komunikazio kanpaina baten bidez. Kanpaina horren leloa "Errespetatu zurea den hori. Zaindu dezagun geurea" da, eta bi mezu helarazi nahi ditu: Alavabus zerbitzu publikoa da, Arabako herritarrentzat eta herritarren aldekoa; eta guztiok dugu betebeharra eta erantzukizuna haren baliabide materialak zaintzeko eta, ahal den neurrian, norbaitek kalte egitea saihesteko.
Iragarkia datorren astetik aurrera ikusi ahal izango da Alavabusen lineetako autobusen pantailetan eta Facebook, Instagram eta TikTok sare sozialetan. Ikus-entzunezkoek autobus kaltetuen ekipamenduen irudiak erakusten dituzte (eserlekuak beren lekutik aterata, segurtasun uhalak apurtuta, pintadak...), honako mezu honekin: "Ez hondatu zuretzat den hori. Eta ez halakorik onartu." eta gogoratu hau: Alavabus zure zerbitzu publikoa da, guztiona"
Aurrerago ohartarazten duenez, ibilgailuetan kalte materialak eragiten badituzu, "zeuk ordainduko duzu" eta "denok ordainduko dugu" zerbitzuaren kalitatea murriztuta, geraleku bateko ilaren eta tailer mekaniko batean dagoen autobus baten irudiekin batera, eta hori ez onartzera dei egiten du. Eta amaitzeko, Alavabusen ibilgailuek azken hilabeteetan ekintza bandaliko ugari jasan dituztela adierazi ondoren, honako leloa helarazi du: "Errespetatu zurea den hori. Zaindu dezagun geurea".
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, kanpaina honekin "Alavabusen erabiltzaile guztiak kontzientziatzea nahi dugu, bai eta barnera dezaten foru garraio zerbitzua, ibilgailuak eta ekipamendua arabarrentzat direla, eta autobusei kalte egiten badiete edo halakorik onartzen badute, beren burua eta bidaiari guztiak kaltetzen ari direla".