Nueva_L20_BilbaoPamplona_5Julio2023 - alavabus
Bilbo-Iruñea 20 linearen emakida berria
Bilbo-Iruñea linearen emakida berria uztailaren 5ean jarriko da abian, hobekuntza garrantzitsuekin
Autobus berriak, maiztasun gehiago, oinarrizko tarifa % 44 txikiagoak eta BAT txartelarekin egindako deskontu gehigarria barne hartzen ditu
Abian jarrita, Arabako Garraioaren Plan Zuzentzailea burutzen amaituko da
Gasteiz, 2023ko ekainaren 26a.- Bilbo-Iruñeko autobus linearen emakida berria datorren asteazkenean, hilak 5, jarriko da abian, ibilgailuei, prezioei eta maiztasunei dagokienez hobekuntza garrantzitsuak ekarriko dituen zerbitzu batekin. Hartara, lineak bidaia gehiago izango ditu, bai lan egunetan bai asteburuetan, bai eta autobus berri erosoagoak eta eraginkorragoak, txartel arruntaren prezioa % 44 txikiagoa eta BAT txartelaren bidezko deskontu gehigarriak ere.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak Arabako Garraioaren Plan Zuzentzailea burutzen amaituko du emakida hori martxan jarrita. 2015ean ezartzen hasi zen, Araba Erdialdeko, Aiaraldeko eta Arabako Errioxako emakidak berrituta; bi urte geroago, Bilbo-Logroño linea berria martxan jarri zen, eta 2019an beste urrats bat eman zen, Gasteiz-Miranda eta Gasteiz-Durango lineak berrituta eta eskualdeko garraioa funtzionarazita.
Bilbo-Iruñea linea berriaren ibilbideak tarteko geraleku bat izango du Nafarroako Altsasun, eta orain baino denbora laburragoan egingo du ibilbidea. Zerbitzuaren kalitatea indartzeko, zazpi autobus berri jarriko dira, eta hauez hornituta egongo dira: eserleku erosoagoak eta espazio eskuragarriagoak, bidaiariek erabiltzeko bainugela, doako wifia eta motor eraginkor ingurumena errespetatzen dutenak.
Era berean, maiztasun handiagoa eskainiko du: hiru bidaia gehiago astelehenetik ostiralera, bat gehiago larunbatetan eta hiru zerbitzu gehiago igande eta jaiegunetan.
Bidaiariek zerbitzu hobea izango dute, eta, gainera, askoz ere merkeagoa. Oinarrizko tarifak % 44 murriztuko dira egungoen aldean, baina, gainera, % 20ko deskontu gehigarria aplikatuko zaie BAT, BARIK eta MUGI txartelen edukitzaileei; horrela, txartel horien bidez ordaintzen dutenek orain baino ia bederatzi euro gutxiago ordainduko dituzte: 7,24 euro, txartelaren egungo prezioaren 16,05 euroen ordez.
Bestalde, Alavabusen linea berrituetan bezala, doan bidaiatuko dute 6 urtetik beherakoek eta desgaitasun fisikoa edo intelektuala duten bidaiariek.
Bidaiariek uztailaren 5az geroztik Bilbo-Iruñea linean indarrean egongo diren ibilbidea eta ordutegiak kontsulta ditzakete alavabus.eus web atarian; baita txartelak erosi eta erreserbatu ere.